KRITIKAK
“Dantza”
-Zigor Etxebeste, 2019/01/31
Egunsentia dator. Paisai soil eta higatu batean gaude. Lugorrian dagoen soroan ez dago inor. Bat-batean, gizon bat agertzen da, aitzur bat eskuetan. Oinez dator. Paisaia begiratzen du, baita oinpean duen lur lehor eta arraildua. Bere lehen aitzurkadak lurra zauritzen du, gero beste batek zuloa handitzen du, eta aurrera eta atzera eginez lerro bat egiten joaten da. Konturatu gabe, erritmo batean ematen ditu aitzurkadak, eta lana zirudiena dantza bilakatu da. Ez da nekazaria, dantzaria da. Orduan beste batzuk agertzen joango dira, berak sortutako lur-doinua jarraituz, bakarkakoa zena talde-dantza bihurtuz. Argi dago ez gaudela ohiko film baten aurrean.
Telmo Esnal zarauztarrak 7 urte luze igaro ditu bere «proiekturik pertsonal eta koralena» burutzeko, baina iazko Donostia Zinemaldian Glocal in Progress saria eskuratu zuenean, askok 2018an Zinemaldian Dantza ikusteko aukera izango genuela aurreikusi genuen. Eta hala izan da. Esnalek eta bere lan taldeak nahi zuten helburua soberan erdietsi dutela argi dago, film eder bat sortu baitute. Oso ederra gainera.
Euskal dantza eta musikatik abiatzen den film bat da Dantza, baina argi dituen sustraietatik abiatuz libreki hegan egiten du, askatasun (eta errespetu) osoz dantzaren ikuspuntu berriztatzaile bat erakutsiz. Euskal folklorea ikusten dugu, entzuten dugu, dastatzen dugu; eta aldi berean zerbait berria ere ikusten, entzuten, dastatzen joaten gara.
Bukatu berri den Zinemaldian, han-hemenka, beldur bat sumatu dut Dantza filma ikusi eta aipatzen zutenenen artean, bere ulergarritasuna ez ote den gure ingurura mugatuko, eta mugaz kanpoko ikusleek ez ote duten zailtasunik izango ulertzeko. Hitz batean, euskal zineak duen betiko konplexua. Ez naiz igarlea, baina ezetz esango nuke. Edertasunaren aurrean hunkitua sentitzen direnak Dantza gozatuko dutela uste dut.
Zuzendariaren esanetan, hiru izan dira filmaren adarrak, Juan Antonio Urbeltz koreografoaren lana, Koldobika Jauregi artistarena eta Esnal berarena. Urbeltzek ezinbesteko ekarpena egin dio filmari, ikusten ditugun dantza guztiak berak ikuskatu baititu.
Bestalde, Dantzaren enbor eta adarrak Jauregik irudikatzen ditu. Artista geldiezin honek ausardiaz sortzen du bere artea (benetako artisten iturburu) eta hori filmaren estetika guztia bideratu du. Dantza saio bakoitzerako sortu duen unibertsoa sekulakoa da, eta «bereak dira giro zoragarri hori sortzen duten jantziak, makillajeak, atrezzoa eta dekoratua» (Esnal).
Sekuentziak behin eta berriz ikusi genitzake Jauregik sortutako bilbea desegin eta aztertzeko, hain dira aberatsak denak (Arantzazuko dantza, ur gaineko ezpata dantza, sagar-lore dantza edo soka-dantza, beste askoren artean harrigarriak estetikoki). Eta, azkenik, Telmo Esnal zuzendaria, filma moldatzen duten eskuak, Dantzaren taupada abiarazi duena. Arestian esan bezala, zarauztarrak egin duen filma ez ohikoa da, ederra eta zoragarria, euskal oinarrietatik abiatu eta askatasun osoz eraikitako ederlana.
Aipatutako hiru adarrez gain, beste adar asko ditu Dantzak eta horregatik, beste partaide askoren ekarpenen artean Pascal Gaigneren sorkuntza musikala eta Javi Agirreren argiztapena nabarmentzen dira, bi hauen egungo sortzeko ahalmena gailurrean baitago.
Azken hitza. Hasieran egunsentia ikusi dugu, eta denbora aurrera doa. Gure begiak dantzaz bete ostean, gaua iritsiko da. Elur-malutak apurka iluntasunaren gainean lurreratzen dira, eta dantzariak badoaz.Dantza, bukatu da.
- “Irati” – Zinea.eus
- “Handia”- Beñat Esnaola
- List Item #3
- List Item #3
- List Item #3
IDATZ EZAZU ZURE KRITIKA HEMEN:
Ma ma (2015)
Zuzendaria: Julio Medem
Kritika egilea: Karolina Almagia